ETA...

 

...besterik ez. Horixe izan zen dena: Herriak herri izan nahi zuela. Besterik ez. Horixe da dena: Herriak herri izan nahi duela. Bere izatea izanez zaindu ta endakatzen ez den herria herri izaten baita beti.

      Herriak bera izan nahi zuen, izan nahi du, bera, bere betiko herritasun oso betean. Bera izan berean.

      Erlearen antzera, askatasunez bizi nahi izan zuen, bizi nahi izan du, bizi nahi du, mendi tarteko haize garbitan lorerik lore hegan joan, eztia egin, jolastu... Baina ez zioten, ez diote, herri izaten uzten. Nork? Betikoek, hauzokoek.

      Arranoak indarkeriaz bere hatzaparpetan duen erlea bezala zegoen, dago, herria, estu ta larri, arnasoska, garraisika, ito aginean, bere arrazoi osoa negarrez eta zotinka adieraziz. Baina ez zioten, ez diote, jaramonik egiten. Eta eztenkadaka hasi zen, ari da...

 

            ... eta arrazoiaren indar zuzena

            indarraren arrazoi makurrez

            okertu zutelako, dutelako,

            eta arrazoiaren indar mailukaria

            indarraren arrazoi mutuz

            isildu zutelako, dutelako,

            eta arrazoiaren indar distiratsua

            indarraren arrazoi beltzez

            ilundu zutelako, dutelako,

            eta arrazoiaren indar bizia

            indarraren arrazoi hilgarriz

            hil zutelako, dutelako,

            indarraren arrazoi desgizatua

            amorru leherkorrez karrikan zehar,

            arrazoiaren indar deuseztatuaren

            hilobiko fenixaren odol hautsetan.